Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Aurrekoak

Garazi Etxebarria Azurmendi

2023ko ekainaren 13tik irailaren 03ra

Rekalde Aretoak Garazi Etxebarria Azurmendi (Galdakao, 1996) artistaren erakusketa aurkezten du barriek programa barruan. Programa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikorako Bekak lortu dituzten artisten artean hautatutako batzuen lanak aurkezten ditu.

Erakusketa artistaren lan berrienetako batzuen bilduma da. Neurri handiko sei lan daude ikusgai. Lan gehienak mihiseetan eginak dira, baina piezetako bat paperean dago. Artistak hainbat prozedura artistiko erabiltzen ditu, hala nola akrilikoa, olioa, olioa barran eta espraia.

Adierazpenaren bila nabil. Niretzat adierazpena da artista batek estudioan egindako lan batean sor daitekeen ildoa gainditzen duen zerbait. Kalean nabilenean, argazkia egiten diet horma erdi margotuei, lurreko orbanei edo adierazpen hori iradokitzen didan edozein markari.

Interesgarria iruditzen zait horrela sortu den obra, norbaitentzat obra bat izan zitekeenik sinetsi gabe eratu dena. Ziurrena, pinturaren zama ez sentitzean —estudio batean hiru metroko oihal bati aurre egiten diozunean sentitzen dena—, sortutako espresioa garbiagoa izango da, beldur gutxiagorekin egina agian.

Nolabait ere, norbaitek inkontzienteki pintura egingo balu bezala da, pinturan bertan pentsatu ere egin gabe. Horregatik, adierazpen xalo horren eta nolabait kalkulatuta dagoen obraren artean oreka sortzen saiatzen naiz.

Argi dago kolorea adierazteko beste tresna bat dela, eta, horregatik, asko zaintzen dut nire lanean. Kolore, tonu eta eremu bakoitzak desberdina den zerbait transmititzen du, eta, beraz, ez da erraza egokia aukeratzea.

Obrak lasaitasuna sor dezan nahi dut; horregatik, askotan erabiltzen dut kolore beltza; ito gabe transmititzen du. Aukeraketa honetan nabarmentzen ez bada ere, zaila egiten zait beltz horretatik aldentzea, eta, horregatik, nire erosotasun-eremutik ateratzen saiatzen naiz, beste kolore batzuk dituzten obrak eginez, gorriak, urdinak, arrosa..., betiere adierazpen- eta lasaitasun-ildo berari jarraituz.

Espraia gaur egun nire obra guztietan agertzen den baliabidea da. Duela urte batzuk hasi nintzen erabiltzen, eta oraintxe bertan ezinbestekoa dut pinturan. Tresna honek berehalakotasuna ematen dit pintatzeko orduan: mugimendu azkar batekin bat-batekotasuna ematen duen keinu bat sortzen da.
Bestalde, espraiak sortutako orbanak kaleko pintadak ekartzen ditu gogora; intentsitateak, distirak eta tantak kalean ikusten ditugun kalitateak dira, eta mihise batera eramanda, nolabait, lana eskuragarriagoa da.


Garazi Etxebarria Azurmendi