Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Aurrekoak

Glutinum mundi

2018ko uztailaren 12tik urriaren 14ra

Glutinum mundi José Ramón Amondarain artistak koordinatutako erakusketa-proposamena da, eta Rekalde Aretoan egongo da ikusgai. Irudien unibertso bat sortzea du xede, ikusleek beren irakurketa, oihartzun eta lotura propioak egin ditzaten. Ibilbide horretan, bisitariek aukera izango dute obren artean sortzen diren harreman ikonografiko, estetiko eta formalak biderkatzeko eta konstelazio hori zabaltzeko.


Glutinum mundi esamoldea, Erdi Aroko alkimisten arabera, munduaren itsasgarri bat da, edozein egoeratan indar inpertsonal bat, bizi-fluxu bat, eragiten duena, non guzti-guztiek elkarrekikotasun misteriotsu batean parte hartzen duten. Michel Maffesoli  soziologo frantsesaren hitzetan, gutxi gorabehera antzerki baten moduko ko-presentzia bat da; aura misteriotsu bat, ametsak, mamuak eta begirada desberdinak oharkabean partekarazten dituena. Norbera bere ekintzetan eta ohituretan besteari “atxiki” zatzaion sustatzen du garaiko sentsibilitateak.

Bestalde, Rupert Sheldrake  biologo britainiarrak dioenaren arabera, eremu morfogenetiko bat dago, zeinaren bidez gai izango ginatekeen ulertzeko organismo bizidunek, kristalek eta baita molekulek ere euren forma eta euren jokamoldea hartu egiten dituztela. “Animalia, landare eta mineral espezie bakoitzak memoria kolektibo bat dauka, eta espeziea osatzen duten kide guztiek egiten dizkiote ekarpenak memoria horri”. Erresonantzia morfikoa, memoria kolektiboaren printzipioa, kolektibo bakoitzak bere historia propioa izateko moduan aplika daiteke, zeinetara kide guztiak lotuta dauden eta sarbidea daukaten.

Munduaren itsasgarri hori, balio bateratzaile baten moduan ulertuta, Macguffin moduko bat aktibatu zuen nigan, erakusketa hau egiteko motor bat. Erakusketak Fernando Garate modus vivendi bildumako obra-sorta bat barne hartzen du. Edozein egoeratan, osotasunaren eta partikulartasunaren harmonia bermatzen duen munduaren itsasgarri hori erakusketan zehar zalantzan jartzeko elementu gisa hartu nituen bere bildumako obrak.

Halaber, artistaren lana biskositate batetatik ere igarotzen da, transmititzeko helburu argia duen ekosistema ikaragarri konplexu bat barne hartzen duen fluxu kultural batetatik. Ez naiz eduki bat komunikatzeaz ari; aitzitik, ikuslea kolpatzeari buruz ari naiz, ikuslea obrak helarazten duen errealitatearekin lotura bat izatera bultzatuz. Ildo horretatik, erakusketaren helburua obren artean loturak sortzea da, normalean obrek eskatzen dituzten distantziak derrigortuz. Modu horretan, erakusketaren osotasunari ekarpena egiten dion ezkutuko atal bat erakusten du lan bakoitzak: obra bakoitzak bere horretan ez daukan zerbait, estratu desberdinak zeharkatuz azaleratzen eta gainerako obrekin bat egiten doazen geruzak.

Emaitza heterogeneoa eta, halabeharrez, kolektiboa da; era berean, obrek, euren artean uztartzeko moduek eta testuinguruak konfiguratzen dute erakusketa. Bildumak eta interrelazioek ere erakusketa-eremuak, eszenaratzeak eta publikoari obra ikusgai jartzeak eragiten duen kontaminazioaren ondoriozko aldaketak jasaten dituzte. Erakusketa bakoitzak aukera bat dakar, eta komisarioaren lana konpromiso erabakigarri bat da; sentsibilitate, diziplina, kontzeptu eta obran barne hartutako konplexutasunen multzo bat biltzen du. Hori guztia komisarioak biografia bati lotutako, egokitutako eta antolatutako sistema baten gainean egindako ebakiduretan, jauzietan eta alterazioetan antolatzen da.

Bert Hellinger teologo alemaniarrak, Konstelazio familiarren sortzaileak, dio eremu morfogenetiko bat soilik aldatu daitekeela kanpoko bultzada batek berau mugiarazten duenean. Bultzada hori iraganaren oharkabeko errepikapenaz konturatzen den ikusle batek eragiten du. Horrela, ulerkuntza berriak eskuratzen dira, eta posible egiten da gauza berri eta desberdin betarantz orientatzea. Erakusketa honetan ahalik eta egile gehien barne hartzen saiatu naiz, lotu zituen “hori” errespetatuz, hain zuzen ere, bilduma osatzen duena.

Dagoeneko ez ditugu artelanak beneratzen, baizik eta artistak, dio Régis Debrayk . Filosofo frantses horrek ohartarazten digu mundu sinbolikoak ere hutsari beldur diola. Obra bere horretan trangatzen denean, artista hieroglifiko ibiltari, esoteriko, batean bilakatzen da: zentzumenentzat eta ulermenarentzat ezkutukoa dena, eta hasiberrientzat ia antzemanezina. Artelanak zenbat eta gutxiago sinbolizatu, zenbat eta gutxiago transmititu, orduan eta gehiago eskatzen da artistaren pertsonalizazioa eta orduan eta gehiago behar izaten da bere bizitza, gure kulturaren eraikuntza bati erantzunez. Horrenbestez, bere baitan bildutako artista autistaren ideia erromantikoari eusten dio oraindik, ikuslearekin loturak sortzeko beharrik ez dagoela azpimarratzen duena, eta bere izenean ustezko magia transferiezin bat gordetzen duena. Horrela, bilduma desberdinetan —publiko nahiz pribatuetan— izenak zergatik errepikatu ohi diren uler dezakegu. Zergatik erabili ohi dira obratik euren burura doan translazio bat irudikatzen duten eta ustez ezinbestekoak diren izenak jasotzen dituzten zerrendak, zeinetan bilduma osoa osatzeko ezintasuna akusatzen den?

Parametro horietatik abiatuta, ikusleak egilea identifikatzen duenean, bere izena esaten duenean eta oihartzun horrek ikusleak obrarekiko duen distantzia aldatzen duenean (lotura gogortuz eta, hein horretan, obraren gonbidapena bertan behera utziz) sortzen den higadurari aurre egiteko proposamena egiten du erakusketak.

José Ramón Amondarain, komisarioa



Irudiak