Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Aurrekoak

Patrik Grijalvo

Neutral Spaces

2011ko abuztuaren 30etik urriaren 02ra

Rekalde Aretoak lehenengo aldiz erakutsiko ditu Bilbon Patrik Grijalvo artistak Rotterdameko Het Wilde Weten zentroan egindako lanak. Rotterdameko egonaldia 2011ko Rekalde Bekari esker egin du.

Beka, orain dela zenbait urte Rekalde Aretoa garatzen hasi zen Ikasketa-Egonaldia Programaren barruan kokatzen da. Programa, Europako hainbat arte-zentrotan egiten da, artista gazteei atzerrira joateko aukera emateko eta nazioarteko profesionalen interesa pizteko hemengo eszenari dagokionez.

Erakusketak Neutral Spaces izenburua dauka, Patrik Grijalvok Rotterdam-en egin dituen lan, argazki eta eskulturei erreferentzia eginez.

Lan guztietan, Grijalvok argazkiaren aukera piktorikoak esploratzen ditu, eta, kasu honetan, hiriaren arkitekturara zuzentzen du arreta, eraikinetako fatxaden elementu arkitektonikoak erabiltzeko bere irudien zati modura.

Erakusketa osatzen dituzten zuri-beltzeko sei argazki (75 x 100 cm, dibond gaineko inprimaketa) eta eskultura bat, egileak Rotterdam-en egin duen lanaren adierazgarri dira. Rotterdam-eko egonaldia Het Wilde Weten (HWW) zentroan egin du, artista-egotaldi programaren barruan. Zuri-beltzeko bere argazkiek izaera geometrikoko konposizio abstraktuak erakusten dituzte, irudi-mota bereko zenbait eskulturarekin batera.

Orain Bilbon ikusgai dauden lanak, lehenago Het Wilde Weten zentroan aurkeztu ziren egonaldia amaitu ostean. Erakusketa honen bidez, Rekalde Aretoak lehen aldiz, Egonaldi-Egoitza Artistikoaren Bekari esker lortutako emaitzak ezagutzeko eta baloratzeko aukera emango du.

Hiru hilabetez, Patrik Grijalvok Rotterdameko eraikinen fatxadetan hartu du inspirazioa, argazkiaren "aukera piktorikoak" esploratzeko. 2010etik, “De la fotografía pictórica a la fotografía escultórica” (Argazki piktorikotik argazki eskultorikora) proiektuan ari da lanean. Horren helburua hainbat lan garatzea da, argazkitik abiatuta pintura-erako espresioa bilatzeko.

Artistak hau azaltzen du: “Zehazki, argazkigintza garaikidearen joera garatu nahi dut, argazki piktorialismo izenekoa, gutxieneko espresiora murriztutako elementu arkitektonikoetatik abiatuta”. Patrik-ek berak azaltzen du zelan egiten duen lan: “Arkitekturako elementuen erretratutik abiatuta, hala nola eraikinen fatxadak eta barrualdeak, nolabaiteko abstrakzio plastikoa aurkitu nahi dut, eta garapen formala bilatzen dut, argazkian jasotako motiboa erreferentziatzat hartuta".

Horrela, ikuslearen begirada “Neutral Spaces” erakusketako irudien aurrean kokatzen da, eta ezagutzazko ahalegina egin behar du: itxuraz, irudikapen geometrikoen -formalen- aurrean dago, baina, argazkia dela nabaritzean, begiradak benetako espazio ezaguna identifikatu nahi du, fatxadak, barrualdeak, etab. 

Hori lortzeko, Patrik Grijalvok argazkitutako elementua zatitzen du, eta, zati batetik abiatuta, gainerakoa (berr)eraiki behar da.  Alemaniako Roland Fischer argazkilariak dioen bezala, “[…] eraikinaren azala zatitzean, arkitektura geometria -formak- bihurtzen da, estereotipatuta eta hala ere ikusgarria den gizarte baten hirigintzara eramanez".

Dibond euskarria.

Maila teknikoan, artistak irudien kalitate piktorikoa indartzen du, inprimatzeko beste metodo estandar batzuek (argazki-paperak edo metakrilatoak) baino askoz ere karga piktoriko handiagoa duen inprimatze-euskarria erabiliz. “Dibond” deritzon euskarria erabiltzen du. Horri esker, plano kromatiko bakoitzaren espezifikotasuna nabarmendu dezake, eta ia puru diren koloretako planoak lor ditzake. Formula horretan, zuria zuriagoa da, eta grisak tonalitate purua hartzen du.

Grijalvok koloreen purutasunarekiko interesa dauka. Kolore horiek ñabardurarik gabe aurkezten dira, tonu bakarreko planoen modura, lanen alderdi formala areagotuz. Izatez, “Neutral Spaces” serieko beste irudi batzuetan ez du kolorearen erabilera baztertzen, baina hemen erakusten diren pieza guztiak zuri-beltzean dira.  Artistak argi esposizio oso altuak egiten ditu koloreak "erreta" geratuz. Ondorioz, kolore horiek uniformeak dira, tonalitaterik gabekoak. 

“Dibond”a, zurruna izan arren, xaflakorra da (izan ere, erdian plastiko-motako konposaketa daukaten bi xaflek osatzen dute).  Egileak azaldutakoaren arabera, horri esker “inprimatutako azalera ebaki dezake eta, ebakitako zatia erauzi gabe, tolesdurak egin ditzake; horrek, era berean, aurreko beste lan batzuetan garatutako joko formalean hirugarren dimentsioa sartzea ahalbidetzen dio”.

PATRIK GRIJALVO (Bilbo, 1984) Bilbon bizi da eta Bilbon egiten du lan. Prestakuntza artistikoa ere Bilbon egin du.  2009an, Leioako Arte Ederren Fakultatean lizentziatu zen, Ikus-entzunezko Irudia eta Argazkigintza espezialitatean.

Patrik Grijalvok egonaldi baterako beka izan zuen Bilbao Arte Fundazioan 2010. urtean, eta urte horretan bertan, Austriako Kunsthaus Bregenz museoan egonaldia egiteko beka eskuratu zuen. Zenbait alditan, bere argazkiek aipamena jaso dute Lucie Foundation-eko “International Photography Awards”-en.

Bere lana Vitoria-Gasteizko Zuloa Espazioan (2009) eta Getxoarte eta Ibilarteren azken bi edizioetan egon da ikusgai (2009-2010), Photo Gallery 20 eta Michel Mejuto galerian (2010). Nazioartean ere egin izan ditu erakusketak: Atenasko Artower Gallery-n (2009), Athens Photo Festival APHF jaialdian (2009), Stephanie Hollenstein galerian, Austria (2010), Hozpiz Gallery Bregenz, Austria eta Rotterdam-eko Het Wilde Weten-en (2011).



Irudiak
  • Patrik Grijalvo, Neutral Spaces, Sala Rekalde, 2011
    Patrik Grijalvo, Neutral Spaces, Sala Rekalde, 2011
  • Patrik Grijalvo, Neutral Spaces, Sala Rekalde, 2011
    Patrik Grijalvo, Neutral Spaces, Sala Rekalde, 2011
  • Patrik Grijalvo, Neutral Spaces, Sala Rekalde, 2011
    Patrik Grijalvo, Neutral Spaces, Sala Rekalde, 2011
  • Patrik Grijalvo, Neutral Spaces, Sala Rekalde, 2011
    Patrik Grijalvo, Neutral Spaces, Sala Rekalde, 2011