Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Aurrekoak

Peter Friedl

2010eko martxoaren 04tik ekainaren 06ra

Komisarioa: Leire Vergara

rekalde aretoak Berlin-en bizi den Peter Friedl artistaren banakako erakusketa aurkezten du. Erakusketan, ikusgai egongo dira artistak orain dela gutxi egindako lan-sorta bat, une hauetan esku artean dituen proiektuak eta aurreko lan batzuk. Lan horiek, denak batera bilduta, aukera emango digute era guztietako irakurketa berriak eta haien arteko irakurketa gurutzatuak egiteko.

Peter Friedl-ek irudikapenak eta haren generoek dituzten baldintza bereziak aztertzen ditu bere obran.Friedl-en lanak arreta bereziz aztertzen ditu mugimendu modernoaren historiak utzitako ondorio estetikoak eta politikoak. Ildo horretan, narratiba berriak sortu nahi ditu eta ahaztuta zeuden generoak gaurkotu nahi ditu berriz, irudikapeneko ekonomia guztietan txertatuta egoten den botereari egonkortasuna galarazteko.
Bere obretan eskaintzen dituen ereduak kontzientzia politikoari eta historikoari lotutako arazo estetikoen adierazpen eredugarria eta artikulatua dira.

Peter Friedl-ek bere proiektu batzuei ezartzen dizkien antolakuntzako sistemek duten metodologia alfabeto-hurrenkera zehatz batean oinarrituta dago, edo kontatzeko forma berezi berriak sortzeko gaitasuna duen materialaren antolaera kronologikoan. Hori begi bistan agertzen da Playgrounds (Haurrentzako parkeak) eta Theory of Justice (Justiziaren teoria) izeneko lanetan. Bi proiektu horiek prestatzeko lanak egiten ari da oraindik, baina ekoizteko denboraldi zabalago batean kokatzen dute erakusketa.

Playgrounds izeneko lanean (1995. urtean hasi zuen), Peter Friedl-ek arreta berezia egiten dio haurtzaroa irudikatzeari eta jolas-parkeari; izan ere, hori da bere tipologiarik nabarmenetako bat. Instalazioan, proiekzio anizkun bat egiten da, artistak prestatutako diapositiba digitalizatuz estalitako horma baten gainean. Horrek argi erakusten digu haurrentzako parkeen diseinuaren kontzeptuaren barruan dauden antzekotasunen multzoa, nahiz eta argazkiak une desberdinetan, eta gizarte- eta geografia-giro oso desberdinetan eginak izan.

Theory of Justice izeneko lanak (1992. urtean hasia), berriz, hainbat aldizkaritatik eta egunkaritatik ateratako irudiak hartzen ditu oinarritzat, eta berariaz prestatutako erakusleihoetan paratzen ditu ikusgai. Materiala antolatzeko jarraitzen duen hurrenkera bat dator irudikatutakoak duen kronologiarekin, eta ez, ordea, argitaratzeko data zehatzarekin. Obraren izenburuak aipamena egiten dio John Rawls filosofo estatubatuarrak kontratu sozialaren teoria berriztatzeko egin zuen ahaleginari. Rawls-ek akordioan eta justizian oinarritutako gizarte baten ikuskera eman zuen; eta, horren aurrez aurre, artxiboko proiektu honetako irudien multzoak erakusten digun errealitatean, gatazkak ordezkatu egiten du adostasuna.

Friedl-en beste hiru lan Tiger oder Löwe (Tigrea edo lehoia, 2000), Untitled (Berlin) 1996-2007 (Izenik gabea, Berlin, 1996-2007) eta Kill & Go (Hil eta egotzi, 1995) dira. Hiru lan horiek elkarrekin erlazionatutako multzo bat osatzen dute, eta trantsizioko gune batean daude kokatuta, rekalde aretoko gela nagusiaren sarreran.

Tiger oder Löwe bideo labur bat da, Hanburgo Kunsthalle-ko aretoetako batean dago filmatuta, eta, bertan ikusten denez, bizirik dagoen tigre batek borroka egiten du trapuzko suge batekin. Eszena horren iturburua Eugène Delacroix-en 1854. urteko Tigrea eta sugea margolana da; izan ere, margolan hori Kunsthalle-ko bilduman sartuta dago. Koadroa ikusgai egoten den aretoan bertan filmatu zuten bideoa. Hala ere, filmak erakusten du margolaneko irudi geldiak ezin eskain dezakeen zerbait. Delacroix-en margolanak iradokitzen duen mugimendua gauzatzeko egiten duen keinuaren bidez, Friedl-ek lortzen du bi estetiken arteko elkarrizketa piztea, antzerki-lan epiko labur baten bidez.
Untitled (Berlin) 1996-2007 lana, berriz, Friedl-ek 1996. urtean egin zuen argazki bat da; hamar urte igarotakoan artistak berak aldatu zuen poster erraldoi batera. Irudian, Berlingo pareta bat agertzen da, eta bertan azaltzen den graffitian hauxe irakur dezakegu: “Kontuz, txerriok! Hau ez da Kolonia!” Mezuak aipamena egiten dio laurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran Alemanian egon zen egoera artistikoari. Alabaina, kontakizun nagusia tokiko gatazka zehatz horren ikerketan oinarritu aurretik, handitutako irudiak gonbidapena egiten digu eszenan ausaz hedatutako ustekabeko istripuen artean mugi gaitezen.

Kill & Go lana multzo horretan sartuta dago, Peter Friedl-ek Vienako Europaplatz-eko multimedia panelaren gainean 1995. urtean egin zuen jendaurreko proiektu baten dokumentazio gisa. Idatzita dagoen mezua “KILL AND GO” da, eta bi hilabete eman zuen pantailan une labur batez agertzen, lau minuturo, publizitateko ohiko isurian txertatuta. Mezu hori ibiltariei egindako interpelazio mutu bat da ia.

Orain dela gutxi egindako hiru bideo horiek eratzen dute rekalde aretoko gela nagusian aurkezten diren obren muina. Lan horiek iraganeko irudien bidez berreskuratutako historia suspertzeko prozesua ikertzen dute.

Liberty City
(2007) izeneko bideoan, Peter Friedl-ek hiriko arrazakeriari lotutako benetako gertaera bat aztertzen du. 1979. urteko abenduaren 17an, gauez, polizia (zuri) batzuek Arthur McDuffie motorzalea (beltza) atxilotu zuten Miamin, North Miami Avenue eta 38 kalearen arteko elkargunean, eta, gero, motorzalea jipoian hartutako kolpeen ondorioz hil zen. Friedl-en gaueko sekuentzia gertaera horiek jazo ziren lekuan bertan filmatuta dago, baina, bertan, jipoia jasotzen duena polizia (zuri) bat da. Ebakidurarik gabe eta begiztan proiektatuta dagoenez, badirudi gertaeren lekukoren batek filmatu duela gertatutakoa. Filma Liberty Square Housing Project-eko kaleetan dago filmatuta, hau da, Miamin hogeita hamarreko hamarkadan, Roosevelt-en garaian, bertan bizi ziren beltzentzat eraiki zuten bizitegien multzo batean.

The Children
(Haurrak, 2009) bideoaren abiaburua 1936. urtean jaio zen eta errealismo sozialistaren joerakoa izan zen Spiro Kristo margolaria albaniarraren Fëmijët (1966) izeneko margolana da. Margolanean agertzen den kaleko eszena tableau vivant modura filmatu zuten Dajti hotelean (faxista italiarren okupazio-garaian arkitekto kolonial batek proiektatutako hotelean), hain zuzen, beheko solairuko egongela zaharretako batean. Keinu bat (begiztan egindakoa) edo pinturari buruzko meditazio zehatz eta ia guztiz mutua da: Bertolt Brecht-en “Kaleko eszena”-ri egindako agur malenkoniatsua. Hauek dira filmean azaltzen diren hitz bakarrak: neskatxetako batek off-ean ahoskatzen duen esaldia, “Irudiak markotik atera behar du” esaldia albanierara itzulita, Francisco Pacheco zaharrak —Sevillako Inkisizioko zentsore ofiziala eta Arte de la pintura: su antigüedad y grandeza lanaren egilea zenak— bere ikaslea (eta suhia) zen Diego Velásquez-i eman omen zion aholkua. Michel Foucault-ek aipamena egin zion Las Meninas-i buruz egin zuen saiakera ospetsuan, gero Les Mots et les Choses (1966) laneko lehen kapitulua izango zen horretan.

Bilbao Song lana bideo berria da, eta rekalde aretoak ekoitzi du berariaz, Peter Friedl-en banakako erakusketarako. Lana Santurtziko Serantes Antzokiko agertokian prestatu da, eta, bertan, antzezle profesional batzuek eta hainbat figurantek hartu dute parte, esate baterako, Julen Madariagak eta Pirritx eta Porrotx pailazoek. Hustutako agertokia ekoizpena egiteko erabiliz, Bilbao Song, tableaux vivants batzuen entseguen eta eszenaratzearen filmatze- eta dokumentazio-lana izan da; eta, bertan, fantasmagoriazko irudigintza erreproduzitu du, alegoriazko forma konplexu bat osatuz. Filmean, Friedl-ek Jean-Auguste-Dominique Ingres-en Henrike IV.a Espainiako enbaxadoreari harrera egiten (1817) margolana hartu du abiaburutzat, baina Margolaritzako Euskal Eskolaren 1915-1939 garaiko (hau da, Gerra Zibileko) beste irudi batzuei egindako aipamenak jasotzen ditu, hala nola, Juan de Echevarría-ren El paria castellano (1917); Gustavo de Maeztu-ren El orden (1918-1919), eta Aurelio Arteta-ren Tríptico de la guerra (1937), bai eta 1850. urtean Kubara joan eta Kubako bizitzako kronikagile bilakatu zen Víctor Patricio Landaluze margolari eta irudigile bilbotarraren Soldado y mulata margolana ere.


Obrak tableau vivant generoa erabiltzen du, pinturaren historian txikia eta anakronikoa den molde bat, alegia; eta, era horretan, Giulio Antamoro, Luis Buñuel, Jean-Luc Godard edo Pier Paolo Pasolini bezalako zinemagileek molde horretaz egin duten erabilera nabarmentzen du.

Tableau vivant generoari dagokion deskripzio-moldeak era esplizituan onartzen du ezinezkoa dela irudikapenaren paradigmatik ihes egitea. Bilbao Song lanean, molde hori baliatu da, filmatzeko prozesuaren oinarri metodologiko hertsi gisa. Horren ondorioz, zenbait arau izan dira, jantziak, dekorazioa, argiteria eta parte hartzen duten antzezleen antzezpenezkoa ez den zurruntasuna direla-eta. Peter Friedl-en filmean irudia ekoizteko aldi zehatzak agertzen dira, eta agertokian egiten den ekintza bakarrak aldi horiek nabarmentzen ditu: bertako piano-jole batek eta akordeoilari batek Bilbao-Song jotzen dute, musika-tresnekin bakarrik jo ere. Oraingoan, Kurt Weill-en kantuak alde batera uzten du Bertolt Brecht-ek idatzi zuen testua, huts egin zuen Happy End izeneko musikalerako zena.



Irudiak
  • Peter Friedl. Bilbao Song, 2010

    Peter Friedl. Bilbao Song, 2010

  • Peter Friedl. Bilbao Song, 2010
    Peter Friedl. Bilbao Song, 2010
  • Peter Friedl. Bilbao Song, 2010
    Peter Friedl. Bilbao Song, 2010
  • Peter Friedl. Bilbao Song, 2010
    Peter Friedl. Bilbao Song, 2010
  • Peter Friedl. Bilbao Song, 2010
    Peter Friedl. Bilbao Song, 2010
  • Peter Friedl. Bilbao Song, 2010
    Peter Friedl. Bilbao Song, 2010
  • Peter Friedl. Bilbao Song, 2010
    Peter Friedl. Bilbao Song, 2010
  • Peter Friedl. Bilbao Song, 2010
    Peter Friedl. Bilbao Song, 2010
  • Peter Friedl. Theory of Justice
    Peter Friedl. Theory of Justice
  • Peter Friedl. Theory of Justice
    Peter Friedl. Theory of Justice
  • Peter Friedl. Theory of Justice
    Peter Friedl. Theory of Justice
  • Peter Friedl. Theory of Justice
    Peter Friedl. Theory of Justice
  • Peter Friedl. The Children
    Peter Friedl. The Children
  • Peter Friedl. Playgrounds, 2010
    Peter Friedl. Playgrounds, 2010
  • Peter Friedl. Playgrounds, 2010
    Peter Friedl. Playgrounds, 2010
  • Peter Friedl. Berlin
    Peter Friedl. Berlin
  • Peter Friedl. Berlin
    Peter Friedl. Berlin