Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Aurrekoak

Ertibil Japan

2020ko irailaren 10etik urriaren 18ra

Ertibil Japan erakusketa ERTIBIL BIZKAIA 2019 lehiaketaren irabazleek Japonian garatutako egoitza artistikoetatik sortutako praktiken ondorioz jaio da. 2019ko uztailetik abuztura, Juan Pablo Ordúñez / MawatreS Koganecho Art Center Zentroan egon zen eta Borja Gómez Diez Youkobo Art Space Zentroan.  Tokioko espazio sortzaile hauetan bizitako esperientziek artikulatzen dituzte Rekalde Aretoko SAMURAI FESTA erakusketaren obrak.

Erakusketa hau dela-eta, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak bi argitalpen argitaratu ditu, non bi sortzaileen jardunbide artistikoen irudiak jasotzen diren, Iker Fidalgoren eta Alberto Díez Gómezen testuekin batera.

SAMURAI FESTA // ERTIBIL JAPAN nolabaiteko txirikorda bat da, zeinean Juan Pablo Ordúñez / MawatreS eta Borja Gómez artistek garatutako nazioarteko sormen plastikoko egoitzen emaitzen, ikerketaren eta erakusketa-proiektuaren ideiak lotzen diren. 

COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz, azken ERTIBIL BIZKAIA 2020 lehiaketaren irabazleek lortutako Japoniako egoitza artistikoak 2021era pasako dira; horrela, jarraituko da lehiaketa nazioartean zabaltzen, komunikazioko eta kultura-trukeko esperientziarekin batera.

Juan Pablo Ordúñez / MawatreS (Madril, 1986)
Juan Pablo Ordúñez/MawatreSek aurkeztutako proposamenak oroitzapenezko hizkuntza aztertzeko premiaren inguruko ikerketa plastiko eta teorikoarekin jarraitzen du.  Monumentuaren diziplinak kontakizun hegemonikoari ematen dion balioa desegitea ez ezik, helburua oroimenaren errealitatea korala den zerbaiten antzera zeharkatzen duten bestelako modu batzuk bilatzea eta proposatzea ere bada, betiere kontakizun, esperientzia, kapitulu eta eztabaidetan oinarrituta.

Formak eta materialak eguneroko bizipenetatik ateratzen dira, monumentu-bokazioa duen marrazki-serie bat egiteko.  Zementua diziplina anitzeko material gisa, zementua bakarrik, harearik gabe... Hautsean, fitxategietan, istorioetan eta oroimenaren objektuetan pilatzen den hautsa bezalakoa.

Erakusketa-proposamenaren funtsezko oinarria Rekalde Aretorako mural site-specific bat da, bertan garatutakoa. Muralak hogei metroko luzera du eta MawatreSek Japonian egindako marrazki-proiektuaren jarraitutasuna proposatzen du. ORIGAMIS-en, paperen tolesen erabateko egunerokotasunetik ateratako balizko hamabost monumentu-forma eskaintzen dira.

Borja Gómez Diez (Sestao, 1993)
Cabeza de oro, cuerpo de fuego izenburuarekin, Borja Gómez Diezek Japonian zegoen bitartean eta egonaldiaren ostean garatutako pintura-multzo bat aurkezten du.

Tokio hiri sutsuan lanean igarotako bi hilabeteek bere jardunaren inguruko pertzepzio berri bat sorrarazi zuten artistarengan.  Japoniako gizartean sakonki errotutako kolore, forma eta keinuekiko topaketak bereak zalantzan jartzera eraman zuen, zehazki, Tokioko Koenjiko lantegi txikian; bertan, material berriekin esperimentatu zuen eta, horren ondorioz, bestelako topaketak eta aurkikuntzak lortu zituen.

Rekalde Aretoko kabinetean, washi paper tradizional japoniarraren gainean olioz zein tintaz egindako zenbait pieza aurki ditzakegu, baita egoitzatik itzultzean egindako formatu handiko beste pintura batzuk ere.



Irudiak