Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Aurrekoak

Cristina García Rodero

2020ko otsailaren 14tik uztailaren 24ra

Rekalde Aretoak Con la boca abierta (Ahoa zabalik) erakusketa aurkezten du, Cristina García Roderok denboran zehar garatutako obra garrantzitsua. Erakusketa, 1979an bilduma honen lehenengo argazkia egin zuenetik gaur egun arte igarotako berrogei urte hauetako ibilbide profesionalaren atzera begirako ikuspegia da.

2014an Fuenlabradako (Madril) CEART Tomás y Valiente Arte-zentroak ekoiztutako erakusketan Juan Carlos Moya Zafra-k honela deskribatzen du: “Cristina García Roderoren lehenengo atzera begirako erakusketa tematikoa.”

Bertan, lan zabal hau osatzen duten hogeita hamar mila argazkien artean aukeratutako hirurogei irudi baino gehiago erakusten dira. Moyak hauxe adierazten du: “Roderok bere erreportaietan egiten dituen argazkiak hain dira ugariak, non, lehenago edo geroago, negatiboetan, pertsonaiak aharrausika, oihuka, harrituta, barre-algara eginez edo min-keinuek eraldatuta agertzen diren. Ardatz nagusi honekin, karrerako berrogei urteetatik eraman nahi gaituzte, bere jaioterria den Puertollanotik gertuko txokoetatik munduko lekurik urrutienetaraino, Nevadako Burning Man Festival edo Alemaniako Love Parade bezalako egungo ekitaldietatik igaroz”.

Argazkiak askotarikoak dira, “landa-izaera etnografikoenetik izaera abangoardistenetara igarotzen direlako. Hori guztia bikaintasun apur bat ere galdu gabe munduan gertatzen dena kontatzeko moduan; izan ere, horri esker, Magnum Photos agentzia ospetsuko argazkilari espainiar bakarra da”.

“Erakusketa haur baten jaiotzaren irudiarekin hasten da, bere lehenengo aire-ahokada arnastean, guztiaren printzipioa islatzen diguna; hortik, gizakiaren sentimendurik sakonenetatik nabigatuko dugu, Cristina García Roderok bere lanari ematen dizkion sakontasunak eta egiak maisuki harrapatuta, argazki-bidaia Georgiako beila bateko azken hasperenarekin amaituz”, adierazten du Moyak.

Erakusketaren ibilbidea, Cristina García Roderoren begirada pertsonalak gidatutako bidaia zoragarri bat da, irudien bitartez zirrarak helarazteko eta gogo-aldarte desberdinak berrikusteko asmoa duena. Egileari banakotasunak interesatzen zaizkiola eta jendearengana hurbiltzeko beharra duela ikusten da, beti saiatzen baita pertsonekin harreman hurbila sortzen.

Batzuetan, bere instintuak leku publikoetan intimitatea bilatzera eramaten du eta hori zailtasun ugari gaindituz lortzen du, berak dioen bezala, “bizitzari berari argazkiak ateratzen saiatzen delako. Artistak hauxe adierazten du: Hunkitzen eta intrigatzen nauten lekuen eta pertsonen aurrean kokatzen naiz. Eskaintzen dudan horretan, ezer ez da kasuala, arrunkeriatik urruntzen den unea bilatzen dudalako, hau da, argazki paregabe bat”.

“Behar den tokira joaten naiz eta interesgarria den oro harrapatzen saiatzen naiz. Horrek uneoro adi egotera behartzen du.  Eta horrek esan nahi du hautematen duzun horretaz betetzen zarela, fisikoki eusten duzula eta ikusten duzunarekin hunkitzen zarela”, dio artistak.

Erakusketa, Madrilgo Ayuntamiento de Fuenlabrada-CEART. Centro de Arte Tomás y Valiente zentroaren laguntzari esker gauzatu da.

ARTISTA
Cristina García Rodero (Puertollano, Ciudad Real, 1949) egungo argazkilaritza garaikidearen funtsezko sortzaileetako bat da. Ezinbesteko erreferentzia da nazio mailako argazkilaritzan eta bere obrak mugak gainditzen ditu ondo merezitako nazioarteko aintzatespenarekin. Gainera, Magnum Photos (2009) agentzia ospetsuko kide den lehenengo argazkilari espainiarra da. 

Esploratzen dituen munduekiko sentsibilitateak eta jakin-minak, argazkigintza-lan jarraitu eta landu batekin batera, bere argazkiek indar hunkigarria islatzea eragiten dute, exhibizionismoan eta artifizioan erori gabe.

Arte Ederretan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutensean (1972) eta unibertsitate-esparru horretan hasi zen argazkilaritzan; horrela, argazkigintzan ziharduen bitartean, irakaskuntzan jarduten zuen, hain zuzen ere, argazkilaritza irakasle gisa Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko Arte Ederretako Fakultatean.

Irakaskuntza inoiz utzi gabe, asteburuetan eta oporretan herri-ospakizunak eta tradizio erlijiosoak eta paganoak ikertzen eta argazkiak ateratzen aritu zen, nagusiki, Espainian, baina Europa mediterraneoan ere bai. Horren emaitza da 1989an argitaratutako España oculta liburua, besteak beste, Arleseko Argazkilaritza Jaialdian urteko liburuaren saria irabazi zuena.

Espainiako eta nazioarteko sari ugari jaso ditu, esaterako, hauek: World Press Photo Saria (1993); Argazkilaritzako Sari Nazionala eta Habanako Argazkilaritzako Foro Iberoamerikarrarena, biak 1996an.  2005ean, Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina lortu zuen eta, 2014an, Laneko Merituaren Urrezko Domina, berriena den PHotoEspaña Sariarekin batera (2017). 2018an, Cristina García Rodero Museoa ireki zen bere jaioterrian, hau da, Ciudad Realgo Puertollano udalerrian.

Banakako erakusketa asko egin ditu Espainian eta Europako zein Amerikako herrialde desberdinetan:  Mexiko, Frantzia, Estatu Batuak, Portugal, Ingalaterra, Italia, Alemania, Venezuela, Polonia, etab.