Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Aurrekoak

Natalia Suárez Ortiz de Zárate

AI, PUNA

2020ko otsailaren 05etik martxoaren 01era

Rekalde Aretoak Natalia Suárez Ortiz Zárate (Vitoria-Gasteiz, 1994) artistaren erakusketa aurkezten du barriek 2020 programa barruan. Programa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikorako Bekak lortu dituzten artisten hautaketa bat erakusten du.

Erakusketak artistak azkenengo urtean egindako lanak biltzen ditu: Bilbon sei hilabetez egindako formatu handiko olio-pintura bat eta Sandnesen (Norvegia) egindako hilabete eta erdiko erresidentzia artistikoaren emaitza diren formatu ertain eta txikiko zenbait olio. Halaber, erakusketaren parte da Maite Mugerza Ronse artistak idatzitako testua, non modu literarioan garatzen dituen Nataliaren lan plastikoan hautemandako hiru geruza: aurkikuntzako lehenengo geruza bat, kontakizun zientifiko batekin edo espedizioko erregistro batekin lotu duena; bigarren geruza onirikoa eta lirikoa, idazki poetiko-literarioa sortzea eragin duena, eta materiarekin eta obren funtsezko bilbea den pintura berarekin lotutako azken geruza bat. Hori olerkian islatzen da hitzen baliabideekin eta erritmoarekin jolastean.

Erakusketaren izenburua AI, PUNA da eta altuera-gaitzaren izendapenari egiten dio erreferentzia; hala, pinturen eta testuaren arteko zubi antzeko bat da, elkarrekin doazen bi gauza horien arteko konexio-puntua.

1.
Gainbeherak zenbait minutu iraun du.

Guztion artean, nik, agintea dudanez, erantzukizunaren pisua nabaritzen dut. Erreguka ere
etorri zaizkit. Mota guztietako usteak uxatu behar ditut, txoriak balira bezala.

Ustezko adituek ikusi ezin dutela dirudi; sorginkeriaren batek harrapatu balitu bezala,
zehaztasunik gabe hitz egiten dute, zentzua galtzen dute... Baliteke sukarra edo presioaren
ondoriozko bestelako sintomaren bat edukitzea. Erakusten duten umore arraro eta ahularen
ondorioz, kontuz ibili behar gara haiekin eta tonu baxua erabili, nerabezaroaren hasieran
egongo balira bezala. Susmoa dut ez dutela benetazko diagnostikoa jakinarazi nahi, baina ez
dakit, ez dakit...

2.
Argi zuriek, talka egitean altxa dugun hautsaren bitartez argitzen dute, prismak eta kiribilak
sortzen dituen kea arnastuz. Zelula konzentrazio oso altuak antzematen dira bertan, elkarren
arteko imitazioz eklipse anitz sortzen dituztenak aldi berean keinuka. Pantailetan islatuta
egongo balitz bezala, nire begien aurrean agertzen da linbo jurasiko hau.

Azalak askatzen dira organismo bigun hau erantziz. Barrunbe eta tuberkuluak lotuta
mantentzen dituen ehun konektibo batez leunki estalitako anatomia bat erakusten du, sare
batean bezala, medailoi zuri zaporetsuak, dentsitate-maila desberdinetako kartilago-laminak
eta, batez ere, guruinak eusten dituena. Erraboil pneumatikoak edo lehertutako poltsak dira.
Baba hauek askatzen duten muki koipetsua fluoreszentea dela edo lizun argiz estalita dagoela
ematen du… Bere mintzak erritmo desberdinetan erlaxatzen dira. Mimesia. (Algak irentsi
zituzten eta hegan egiten deskonprimatzen diren medusak izango dira).

Gorputz honek, sabel-hauspo honek kantu polifoniko bat igortzen du bentrilokuo baten
antzera.

3.
Tour bat egin zuten gaiztoek
eta erreinu hauetatik pasa ziren.
Haien burmuinak astiro pasiatuz…
Gailentzen ziren palmondoak kendu
eta panelekin ordezkatu zituzten.
Elurra ematen zuen baina izerdi usaina zerion
azpian zerbait ustela zegoen bildua
gainetik dantzan igarotzen baitziren artzain lodiak.
Intentzio txarrez estalia zegoen ezkatadun umea balitz,
margo batekin, zapi, gortina, azal.
Ia-ia aidean zegoen umea, inork ez zuenenean begiratzen.
Ilargia bezain zuri, arantza bilkorrez jantzia.
Ez baduzu hartzen ez da eroriko.
Baina hartu ezazu, mesedez, badoala.

Ikusi, piztu da, begiratzen gaituenean argitzen gaitu.
Mutua da, barkatu
hau kendu genion… jolasteko
eta orain airea besterik ez zaio ateratzen
baina soinua atera dezake makil batekin kolpatuz gero…

Maite Mugerza Ronse


ARTISTA

Natalia Suárez Ortiz de Zárate (Gasteiz, 1994) Bilbon bizi da eta bertan lan egiten du. Bere lana pinturan zentratzen da, baina arte eszenikoen mundua ere esploratzen du Tripak konpainiaren barruan. Unibertsitate-ikasketak egin ditu Euskal Herriko Unibertsitatean eta Lisboako FBAUL Unibertsitatean. 2018an, Bizkaiko Foru Aldundiaren produkzio artistikorako beka jaso zuen.

Bere lana zenbait erakusketa kolektibotan erakutsi du: Markak Okela Sormen Lantegian (Bilbo) eta DIME DAME Aire Galerian, besteak beste. 2018an, Tabakalerako (Donostia) erresidentzien programan parte hartu zuen eta, 2019an, AiR Sandnes (Norvegia) erresidentzien nazioarteko programan.



Irudiak