2019ko maiatzaren 30etik uztailaren 07ra
Rekalde Aretoak, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura sailak antolaturiko ERTIBIL BIZKAIA, Ikus-arteen erakusketa Ibiltariaren XXXVII.edizioa aurkezten du.
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen erakusketa ibiltaria Bilbon hasiko da eta ostean Ea, Balmaseda, Elorrio, Arrigorriaga eta Eibarren aurkeztuko da, abenduaren 30ean Getxon amaitzeko.
Aurten sarituak izan diren artistak hauek izan dira: Juan Pablo Ordúñez/MawatreS, Borja Gómez Diez eta Izaro Ieregi. 1983an lehen edizioa egin zenetik ERTIBILen helburua, euren sorkuntza lanak Bizkaian egiten dituzten artista emerjenteak laguntzea eta sustatzea da.
XXXVII. edizio honetan 83 artista izan dira parte hartu dutenak espezialitate guztietako 113 lan aurkeztuz. Horietatik erakusketa eratzen duten hamazortzi obrak hautatu dira.
Halaber, eta bigarren urtez jarraian, ERTIBILi esker hiru irabazleek Japonian bi hilabeteko egonaldi artistikoa egiteko aukera dute, horrela ekimenaren nazioarteko zabalkuntzarekin batera, kulturen arteko komunikazioaren eta trukearen esperientzia bilatuz.
Profesionalen epai-mahaian honako kide hauek egon dira: Eztizen Esesumaga Salsidua (Rekalde Aretoa), Arantza Lauzirika Morea (Arte Ederren Fakultatea EHU-UPV), Maria Muriedas Diaz (Ertibil 2018 irabazi zuen artista) eta Mikel Onandia Garate (EHU-UPVko Artearen Historiaren irakaslea eta ekimenerako editatu den liburuko testuen egilea).
Aurten lehen aldiz, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Graduko ikasleen laguntza izan du erakusketak Rekalde Aretoan.
[Artista sarituak]
1. saria, Juan Pablo Ordúñez / MawatreS (Madrid, 1986). BlackMonuments (archivo) izeneko obra, garatzen ari den proiektu baten zati bat da. Proiektu horrek, espazio publiko demokratizatuan printzipio hegemonikoen aurkako ideiak goraipatu nahi dituzten monumentu berriak sortzerakoan, behin eta berriro hizkuntza tradizional eta naturalizatuen erabilera aztertzen du.
2. saria, Borja Gómez Diez-ek (Sestao, 1993) uztartu egiten ditu materiazko pinturaren keinu herabeak ehundura desberdinak, arinak nahiz lakarrak, eta zimurren batzuk eta eskaneatzeak ahalbidetzen duen erreprodukzioaren lautasuna eta leuntasuna, halako moduan non osagai plastiko minimoen erabilerak akaberaren anbiguotasun kalkulatua agertzen baitu, teknologiak iragazitako manufakturaren zantzuak bailiran, arrazionaltasunaren eta adierazkortasunaren arteko erdibidean.
3. saria, Izaro Ieregi (Getxo, 1987). Hurbil-hurbiletik egindako argazki sorta batek emakume batzuen imintzioak eta keinuak erakusten ditu. Lan honek Euskal Herriko gizarte mugimenduen iruditeriaren inguruko ikerketa batean du jatorria. Hortik hainbat ekintza performatibo sortu dira, eta horien koreografiak, gorputza eta indarkeria biltzen dituztenak, bideo eta argazkien bidez dokumentatzen dira.
[Artista aukeratuak]
Raisa Álava (Zuaza, 1990) intuizioaren eta ustekaberaren fruitu, hurbileneko herri kulturan errotuta dagoen eta begietara erakargarria den unibertso koloretsua sortu du.
Ana Arsuaga (Tolosa, 1994). Pintura errealista eta batez ere erretratuaren generoa lantzeak, olioaren aldakortasunak sortzen dion jakin-mina eta erakarpena abiapuntu, bere protagonisten alderdi gizatiarrena arakatzeko aukera ematen dio erabat agerian utzi gabe.
María Benito Píriz -ek(Durango, 1992) hirietako azken moden ildo eta estiloei jarri die arreta. Horien artean aspaldi honetan zenbait ohitura, pertsonaia eta markak hartu duten ospea nabarmentzen da. Hor ditugu, esaterako, Balenciaga bezalako markak, txandala moda ibiltokietan, Rosalía, jantzi islatzaileak, gelezko atzazkalak edota Buffalo oinetakoak.
Mar de Dios -en (Barakaldo, 1992) lanaren ildo nagusia, funtzionaltasunaren eta artearen arteko mugetan mugitzen diren diseinuzko objektuak sortzean datza.
Andoni de la Cruz (Bilbao, 1991). Elurtutako baso zarbatsu batean, gerritik lotuta, gizonezko bat, borroka bizian ari da enbor lodi bati lotzen dion sokaren kontra.
Urotz Deusto Iturregi-k (Mungia, 1994) latinezko fetus hitzarekin lotzen du eskulturaren konposizio materiala eta formala. Fetus hitzaren erro protoindoeuroparrak sorkuntzaren esanahiarekin zerikusia du, eta haren alegiazko adieren artean badira bete-betea eta emankorra bezalako terminoak.
Iván Gómez (Irún, 1984). La Sed de Simónides izeneko proiektua eleberri hedatua da. K.a.VI. mendeko mnemotekniaren asmatzailetzat jotzen den Zeos-ko Simonides olerkari liriko greziarraren irudian oinarrituta dago. Kontakizunetatik abiatuta, hainbat eskultura pieza sortzen dira.
Gómez Selva (San Pedro del Pinatar, Murcia, 1994). Kontxako hondartzatik Santa Klara uharteari egindako argazki-konposizio arrunt eta prototipikoa izan litekeena, motozikleta baten argi keinukariaren zati batekin modu sekuentzialean enkoadraketa estali eta desestaltzean, begi arrotzetan Donostiaren irudiaren eta bertako paisaiaren inguruko hainbat irudi-joko egiteko motibo bihurtzen da.
Estibaliz Gutierrez Maguregui-k (Bermeo, 1994) bideoaren denbora argazkiaren plano finkoarekin eta argi naturala argi artifizialarekin aurrez aurre jartzeko ariketak egiten ditu.
Eztizen La Cruz-ek (Getxo, 1994) normalean lantzen duen pintura motan, kolore eta argi kontrasteekin jokatzen du geruzetatik eta itzaletatik abiatuta. Oraingoan funtsean izaera teknikoa duen esperimentazio ariketa aurkezten digu.
Saray Pérez Castilla (Burgos, 1987). Materialen hautaketak eta eskulturaren konposizio arkitektonikoak hiriak eraldatzeko prozesuei aipamen egiten diete: zehazki, Bilbok azken hamarkadetan izan duen hirigintzako bilakaerari.
Ander Sagastiberri Fernández-ek (Bilbao, 1988) metakrilatozko bi euskarriren gainean igeri, giza itxurako hainbat izakien marrazki sorta bat aurkezten du.
Natalia Suárez Ortiz de Zárate (Vitoria-Gasteiz, 1994). Ikuslearen aurrean paisaia espresionista batzuk zabaltzen dira, keinuzko pintzelkada eta kolorearen erabilera librea ageri dituztenak eta abstrakziorantz jotzen dutenak.
Diego Vivanco-k (Barakaldo, 1988) kodetzearekin eta banderen erabilerarekin lotutako lehenagoko lanen jarraipen gisa, ikonoklastia kontzeptualeko ariketa batean, bi ikur instituzionalen errautsak aurkezten ditu botilaratuta eta idulki gainean. Bata ikur autonomikoa da eta bestea Estatukoa.
Imanol Zubiauz (Zumarraga, 1989). Erruloek artistaren informazio pertsonala dakarte, NAN zenbakitik hasi eta elkarrizketa pribatuetarainokoak, halako moduan non, deskodetu ezin den hizkuntza baten existentzia adierazten duen autorretratu ulergaitz bat sortzen den.
( * ) Mikel Onandia Garatek erakusketaren katalogorako idatzitako testuen laburpenak.