Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

CALYPSO

Ikasketa prozesu artistikoak

2008ko apirilaren 17tik ekainaren 22ra

Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikorako Bekak, 2005-2006

Komisarioa: Haizea Barcenilla

Calypso. Ikasketa prozesu artistikoak izeneko erakusketak batera biltzen ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikorako bekak 2005. eta 2006. urteetan jaso zituzten zazpi artistaren eta talderen lanik berrienak; honako hauek dira artistak eta taldeak: Elssie Ansareo, Alaitz Arenzana, David Cívico & recPLAY, Cristina Gutiérrez-Meurs, Amaia Lekerikabeaskoa, Jorge Rubio eta Mikel Rueda.

Aurkezten dituzten lanak oso desberdinak dira elkarren artean, baina badute gauza bat batera: bekak hasiera eman zion sorkuntza-prozesuari, eta prozesu hori etengabeko ikasketa bat da artista guztientzat. Talde-erakusketa honek garrantzi berezia ematen dio arte-prozesuaren izaerari eta haren esanahi guztiei, gaur egungo jardute artistikoa definitzen duten heinean; eta, bestalde, heziketa artistikoaren bitartez, esanahi horiek aditzera emateko egon daitekeen modua aztertzen du.

Erakusketan bildutako obren eta jardueren bidez, ikasketa artistikorako metodoaren ikuspegi jakin bat eman nahi da aditzera; honakoa: ikasketa artistikoa burujabetzerako eta norberaren iritzia eratzeko prozesu bat da, eta hortik elkarrizketak sortzen dira, gaur egungo sorkuntzan dagoen atalik funtsezkoenetako bat. Hala, Chia-En Jao artista (Taichung, Taiwan, 1976) gonbidatu dugu, erakusketa-gunean elkarrekiko lotura lortze aldera. Artista hori ekarrita ez dugu lotura artifizialik sortu nahi gainerako obren artean; adierazi nahi dugun kontua bakarra da gaur egungo jarduteen artean komunikazioa dagoela, eta denak aldi berean egoten direla, bata bestearen gainetik jarri beharrik gabe. Chia-En Jao artistaren Anai-arreba politikoak izeneko instalazioak argi erakusten ditu artistek egiten dituzten prozesuetan izaten den kultura-aniztasunean izaten diren bateratze eta bereizketa sinbolikoak.

Bideoteka

Erakusketa zabalik dagoen bitartean, nahi duenak bideoteka begiratu ahal izango du, eta bertan 60 bideo inguru izango ditu ikusgai. Hainbat herrialdetako hezkuntza-ingurune desberdinetan egindako lanak dira, artistentzako egoitzetan edota goi-mailako ikastetxeetan egindakoak. Hala, bada, bideotekak gaur egungo irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuen erakusgarria izan nahi du, aldi baterako datu-base baten gisakoa izan nahi du, nazioarteko ingurune akademikoetatik iritsitako arte berria biltzen duena. Era berean, pizgarri bat da, atzerrian egonaldiak eta bekak eskatzeko.