Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

ritmo mareiro, 1980-2012

Vari Caramés

2012ko apirilaren 20tik uztailaren 08ra

Komisarioa: Miguel Fernández Cid

Erakusketak Vari Caramésen sailik nabarmenenak aztertzen ditu, 80ko eta 90eko hamarkadetako La movida viguesa, Coruña by Night, Castelos de Galicia, Compostela eta Visión animal izenekoekin hasita. Sail horien hari gidariak hauexek dira: zuri-beltza behin eta berriz erabiltzea, eskala txikia baliatzea eta denboraz kanpokotasuna bilatuz egunerokotasuna birsortzeko duen interesa, aurrez aurreko ikuspegiak saihestuz, eta itxuraz ustekabekoak diruditen efektuak bilatuz edo irudiak sepiatonuetara biratuz.

1990. urtetik 2000. urtera bitartean, Vari Caramések kolorez egindako lehenbiziko irudiak erakutsi zituen, baina tonu ertainen, efektu piktorikoen eta irudi oroitarazleen estetikari eutsi zion. Eskala zabaldu zuen, koloreen bilbea desegin zuen, eta efektu erakargarriak lortu zituen, Miraxes, Tránsito, Escenarios eta Recreo sailetan ikus daitekeenez. Sail horietan, beste bilaketa batzuk suma daitezke, adibidez, euskarrian eta obren eskalan egindako aldaketak, efektu plastikoak indartze aldera eginak.

Nadar saila bereiz aipatu behar da. 80ko hamarkadaren bigarren zatian egin zituen harraldietan du oinarria. Garai hartako kopiak, eta 2010ean aurkeztu zuen saila daude ikusgai, negatiboak digitalizatu eta bilbeari lehentasun gehiago uzten dion euskarri batean kopiak prestatu ondoren egindako saila.

Sail horien ondoan, erakusketak bestelako argazkiak batu ditu, lan egiteko molde horretan tokirik izan ez arren, tarteko kate-maila bezalakoak direnak, edo, Vari Caramések aipatu ohi duenez, “bertso askeen” modukoak. Berak ez du inoiz argazkigintzatik bizitzeko asmorik izan, baina orain ezin da bizi bera gabe. Moda eta joera guztietatik urrun, egunerokoa eta arrunta izanik ohiz kanpokoa izan daitekeen zerbait lortu nahi du, normalean inor ohartu gabe gertatzen diren garrantzi txikiko gauza horietako bat. Ikusleei gauzak iradoki, gogora ekarri, amets eginarazi nahi die: errealitatean dagoen misterioa adierazten ahalegintzen da setatsu. Hargatik, bere argazki asko lausotuta daude, amets batean harrapatuta bezala. Eta zuzenekoa saihesteko ahalegina eginez, islatutako irudiak ere harrapatzen ditu, gizakiaren begiak ia ezin hauteman dezakeen xehetasun hori.

Ez du interesik agertzen harraldia prestatzeko, ez agertokia eraikitzeko; ausaz gidatuta, atsegin du jolas egitea esposiziodenborarekin, obturazioabiadurarekin, fokuratzeekin, kameraren mugimenduarekin edo diafragmaren irekidurarekin, 35 mm-ko kamerarekin egiten dituen argazki ugarietan, argazkigintzako makinak bere aldetik jokatuko balu moduan, bere begiarekin loturarik ez balu bezala. Gero, hautua egin behar du material eskerga horretan, gauza batzuk aukeratuz eta beste batzuk alde batera utziz. Caramések berak dioenez, “akatsetatik abiatuta beti lor daitezke efektu egokiak”.

Hala ere, ustekabekoaren emaitza direla iruditu arren, ezagutza sakona du margolaritzaz, konposizioaz, enkoadratzeaz eta kolorearen tenperaturaz. Azken batean, argazkilariaren begiak egiten baitu hautua.

ARTISTA www.varicarames.com

Vari Caramés (Ferrol, 1953) Coruñan bizi da, eta bertan lan egiten du. Argazkilari autodidakta izanik, hamabost urte zituela hasi zen argazkigintzarekin harremanetan, eskuz erabiltzekoa zen Voigtlander kamera bat oparitu baitzion aitak, bere koadroen eta burdina forjatuko piezen argazkiak egin ziezazkion. Gero, txuleta gisa erabili zuen argazkigintza, bukatu gabe utzi zituen Arkitektura Teknikoko ikasketetan marrazki-ariketak egiteko baliatu baitzuen. 1984. urtetik aurrera, 200 erakusketa baino egin ditu, batzuk banaka eta beste batzuk taldeka, eta, horrez gain, argazkigintzako hainbat tailer eta biltzarretan hartu du parte, hizlari, epaimahaikide edo argazkilari gisa. Bere lanak Europa eta Estatu Batuetako bilduma pribatuetan eta, orobat hainbat instituzioren bildumetan daude jasota, adibidez, hauetan: Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Compostelako Donejakueko CGAC, Madrilgo Arte Ederren Zirkulua, Alcobendas Udaleko Fundazioa, Valentziako IVAM, Bragako Argazkigintzako Ikasketen Zentroa.



Irudiak
  • VARI CARAMÉS, ritmo mareiro, 2012
    VARI CARAMÉS, ritmo mareiro, 2012