Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Aurrekoak

Spoiler

Alberto Albor

2012ko apirilaren 24tik maiatzaren 27ra

Alberto Albor-ek (Burgos,1977)  Spoiler erakusketa aurkezten du, Bizkaiko Foru Aldundiak 2010ean emandako arte sorkuntza Bekari esker izandako ikerketa-aldian egindako lanekin.

Estudioko pareta oso gutxitan egoten da hutsik. Bere hondakinak, erabilitako zinta itsasgarriak, ereduzko argazkiak, gaizki tratatutako errealitatearen puskak dira, geldi-geldi desegiten direnak galdutako pintzelkaden artean, margoaren tanta jarioan.

Detektibe bizkor bat murru honetara iritsiko balitz margolariari buruz hitzik ere jakin gabe, begi-kolpe batean material aski jaso ahal izango luke margolariaren alderik pribatu eta ezkutuena berreraikitzeko. Bere gogoaren aztarnak, ardura handiz antolatuta, objektuz objektu txirikordatuta, natura hil hieroglifiko garaikide batean, bere denboraz, gure denboraz aztarnak uzten dizkigun natura hilean.

Bere burua baizik islatzen ez duen ispilu baten aurrean bezala, Albor-ek umore-sen berezi batez enkriptatu ditu koadro hauetan munduari buruzko ideia bat eratzeko izan duen prozesuan garrantzizkoak izan zaizkion ereduak. Kontua da ispilu horretan, ustez babeserako den murru horretan, erraz ezagut dezakegula gure burua, zeharka bada ere. Erlaitzetan herri-kulturaren sinboloak daude gorderik, gure belaunaldiko gehienek ezagutzen dituzten sinboloak, zalantzarik Gabe mende hasiera honetako kultura-ekoizpenaren arragoan txertatuko direnak.

Murrua kanpo eta barrualdea zatitzen dituen lerro baten modukoa da, kode autorreferentzialen arabera egituratzen diren objektu batzuen plano erakusle baten gisakoa. Kosmogonia pertsonal baten eraikuntzaren euskarria da, eta zuzenean jotzen du memoriara, autorretratu batean; berria, desberdina, ezezaguna, sinesgaitza edota ezinezkoa bezalako kontzeptuz hornitzen den autorretratuan, oraindik hezi gabe dagoen eta harritzeko ahalmena galdu ez duen natura ireki eta konplexu baten zati gisa.

Lan-sail honetan, kontagailu digitalak daude, ispiluetan biderkatzen den dirua, Walden-en etxola jostailu bilakatuta, plastikozko natura ballardiano bat, detonagailuak, ezinezko bonbillak, igarotako erakusketetako txartelak, garaiz kanpoko mapak eta neoizko argiak dituzten errotuluak; eta, gauza guztien artean, paketatutako kaxa bat dago, “Spoiler” hitza idatzita duena. Ingelesetiko hitz hori erabiltzen da jakin behar ez zen zerbait adierazteko, orduz kanpo edo goizegi agerian jarri den hori azaltzeko. Nolabait ere, ikusten dugun multzoan, artifiziozko toki batera eraman nahi da ikuslea arrastaka, toki horretan, erdizka egiazkoak diren eta erdizka arerio ikusezin bat botatzeko konplota diren kontakizunak eraikitzeko elkartzen baita ereduen bilduma oso hau. Konjuru babesle batez, sekretuak gordetzen dituzte beren elkartasunean, eta, gu, ikusle abantailatsu gisa, agertu ahal gara, ziur jakinik ez dela modurik egongo beren benetako enigma zein den azal dezaten.

J.G. Pozuelo B

Alberto Albor (Burgos, 1977) Bilbon bizi da eta bertan lan egiten du. Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatetik, eta, orain dela gutxi, Ikerketa eta sormena artean izeneko titulua eskuratu du bertan. 2004. urtean, Juan Uslék gidatutako tailer batean parte hartu zuen, Santanderreko Marcelino Botín Fundazioan. Handik bi urtera, Juan de Otaola y Pérez de Saracho Sorkuntza Artistikorako Beka eskuratu zuen; eta, horri esker, 2007. urtean, Deliverance erakusketa jarri zuen Basauriko Ariz dorretxean (Bizkaia).

2008. urtean, Bilbao Arte Fundazioko bekadun-egoiliarra izan zen; eta, handik urtebetera, El miedo acaba con el sueño banakako erakusketa jarri zuen bertan. Bestalde, Bilbao Arte New Yorken talde-erakusketan ere parte hartu zuen, The Gabarron Foundation-Carriage House Center for the Arts New York-en.

Hainbat lehiaketatan hautatu izan dute, esate baterako, L’Oreal lehiaketan, edota Uned Bizkaiak antolatutako margolaritzako lehiaketan. Lehiaketa horretako saria jaso zuen 2000. urtean, eta Caja Burgosek antolatutako Artista Gazteen II. Lehiaketan ohorezko aipamena jaso zuen 2007an. Gaur egun, bere margolaritzako proiektu berria lantzen ari da, Spoiler izenekoa.



Irudiak
  • ALBERTO ALBOR, Wall, 2012
    ALBERTO ALBOR, Wall, 2012