Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Aurrekoak

Lara Almarcegui

Bilboko itsasadarreko eremuen gida

2008ko apirilaren 17tik maiatzaren 21era

Lara Almarcegui (Zaragoza, 1972) proiektu berri batean aritu da lanean azken urte honetan, eta proiektu horren ardatzak Bilboko itsasadarraren ertzak eta azken hamarkadetan ibaiertz horietan etengabe izaten ari diren birsortze- eta eraldatze-prozesuak dira. rekalde aretoaren Kabinete Abstraktuko banakako erakusketan, Almarceguik ingurune horretan lortu dituen emaitza artistikoak bildu ditugu. Lan horren abiaburuak zerikusi zuzena du artista honek aurreko lanetan izan dituen prozedurekin: artistak arretaz eta sakon aztertzen ditu hutsik, erabili gabe edo bertan behera utzita geratu diren lursailak, hala hirigintzako plangintzarik gabe daudenak, nola etorkizunean erabat eraldatzeko bidean daudenak. Ikerketa horien emaitzak argitalpen-euskarri berezi batean aurkezten ditu, artistak berak "eremuen gida" deitu duen euskarri-motan. Orain arte, hiru gida eman ditu argitara, eta hiruretan mota horretako lursailak ikertu ditu; honako hauek dira: Guía de Terrenos Baldios de São Paulo (2006ko abuztua), Guide to Al Khan (2006ko abendua) eta Terrenos Baldios da Zona Portuária de Lisboa (2007ko iraila).

Lara Almarceguik Kabinete Abstraktuan duen erakusketaren harian argitaratutako Bilboko itsasadarreko eremuen gidan, artistak Bilboko itsasadarreko eremuen sorta bat aukeratu du eta informazioz betetako gida bat osatu du horrekin. Gidak Ibaizabal ibaiaren bi ertzak hartzen ditu barne, Basauriko udalerrian hasi, eta itsasadarra Bizkaiko Golkoan itsasoratzen den arte. Bilboko Portuaren lursail hutsen gida honek ibilbide zabala egiten du hiriaren industrializazioan, krisialdian eta birmoldatzeko prozesuan barrena.

Bilbon, une hauetan, hirigunea sakon eta arin ari da eraldatzen. Hiria eraldatzeko oraingo prozesu hau XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran izan zen aldaketarekin erkatu dezakegu. Izan ere, garai hartan Bilbo portu- eta industria-giroko hiri handia bilakatu zen, meatzaritzaren, industria siderurgikoaren eta itsasontzigintzaren garapenari esker. Laurogeiko hamarkadan industrian izan zen krisialdiaren ondorioz, berriz, itsasadarraren ertzetan kokatuta zeuden industria garrantzitsu asko itxi eta eraberritu zituzten; eta, era horretan, portuko jarduerak kanpoaldeko badiara eraman ondoren, Ibaizabal ibaiaren ertzak berreskuratu zituzten.

rekalde aretoan dagoen erakusketa ikustera etorriz gero, doan eskuratuko duzu gida.